XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaur hasiko da, hitzaldi batekin, Hernaniko Txalaparta Festa

Juan Mari Beltranek hitzaldia egingo du gaur Hernanin txalaparta jotzeko bi era zaharri buruz: Baztan aldeko kirikoketa eta Oiartzungo ote-jotzea.

Bideo baten laguntzarekin mintzatuko da, eta aldamenean Arizkungo txalapartari gazteak izango ditu.

Biteri kultur etxean izango da hitzaldia, arratsaldeko 7.30etan hasita.

Hauxe izango da Hernaniko hamahirugarren Txalaparta Festako lehen ekitaldia.

Bihar, baita ere Biteri kultur etxean eta arratsaldeko 7.30etatik aurrera, txalaparta eta piano emanaldia egongo da, Jesus Artze eta Iñaki Salvador musikari entzutetsuekin.

Larunbatean eta igandean izango dira txalapartari bilkura handienak, hala ere.

Anoeta, Irura eta Belauntza UEMAn sartuko dira igandean

UEMA Eguna ospatuko da igande honetan Bizkaiko Zeanurin eta, ospakizun horretan, Gipuzkoako hiru herri bihurtuko dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide: Anoeta, Irura eta Belauntza.

Horrenbestez, 34 herri izango dira UEMAko kide.

Euskaraz funtzionatu ahal izateko sortu zen UEMA.

Euskara gaztelania baino erakargarriago egin beharra azpimarratu zuen UEMAko Iñaki Arregi teknikariak UEMA Eguna aurkeztean.

Azpeitiko Udalak kale gorrian utzi du Antxieta antzerki taldea

Ia hogei urte bete dituen Azpeitiko Antxieta antzerki taldea entsaiatzeko tokirik gabe gelditu da, kale gorrian, Udalaren prebisio faltagatik taldeak adierazi duenez.

Lehengo urtarrilean, Udaleko langile batzuek atera egin zuten taldearen egoitzatik San Agustinetik eszenografiako objektu guztiak.

Gero, hainbat tokitan bila ondoren traste batzuk berreskuratu bazituzten ere, oraindik ez dute lortu Udalak beste egoitzaren bat ematea.